XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Parajearen gaugiroa areagotu egiten zen, gainera, koloreen aldaketarekin: piszinak berdeska ematen zuen, ez urdina; hamaka eta silak marroituta zeuden; pinpon mahaia arraia txuri batek zehaztutako errektangulu ilun bat besterik ez zen.
Aldaketa haiei so, Carlosek Ugarteren azken esaldia berritu zuen memorian:
Oso gaizki ulertzen ez bazuen, hitz haiek zera esan nahi zuten, Ugarte bere lana egiten ari zela Stefanorekin,
Baina zergatik laguntza hura?
Gauzak ondo ateratzea berari ere komeni zitzaiolako?
Bai, horregatik izango zen, baina hala eta guztiz ere Ugartek lezio bat eman berria zion.
- Gu ere abiatu egingo gara.
Afaria eman beharko diot umeari -esan zuen Laurak Ugarte eta Stefano hotelerantz izkutatu zirenean.
Guiomar altxatu egin zen silatik, eta Carlos seinalatu zuen.
- Aizu, Laura, inporta al zaizu gu biok pinpon partidu txiki bat egitea?
Zu eta Pascal joan zaitezte aurretik, ni segituan izango naiz han.
- Ez zait batere inporta, baina oso ilun dago jokatzeko, ez?
Ikusiko al duzue pilotarik?
- Bai, oraindik zerbait ikusten da.
Partidu ttiki bat jokatuko dugu, besterik ez.
Guiomarrek muxu bat jarri zuen emakumearen masailean.
Carlos ixilik gelditu zen, gauza arrunt bat ikusi balu bezala; baina, zinez, muxuarena gauza berria zen.
Bien arteko harremana publikoa izango zen laster.
- Goazen, Pascal -esan zion Laurak eskua luzatuz.
Umeak dudarik egin gabe onartu zuen esku hura.
- Gosetuta zaude, eh? -esan zion Laurak.
Eta umeak baietz egin zuenean:
- Orduan, zergatik ez gara azkar azkar joaten?
Auskalo zer gauza goxo prestatu digun Dorok.